FERMIN MUGURUZA 2002

FM2002

FM. BAI, ESAN?
Informazioaren aroan bizi omen gara. Miloika datu, informazio erasoka ari
zaizkigu etengabe eta lagun minari esaten ez dizkiogunak telebistaz botatzen
ditugu. Kaleak jendez gainezka daude eta bakartiak nonahi. Musika ote gure
terapia?

Edozer gauza egiten duela jendearen harreta erakartzen du. Jendearekiko
doaia du eta pasioak altxatzen ditu askotan; onerako batzutan eta txarrerako
besteetan. Komunikatzailea da, zuzena eta argia. Agitatzailea da eta
pertsona. Kaki Arkarazok diska berria kaleratu du, Mikel Abregok diska
berria kaleratu du, Alfonso, Andres, Eric, Raynald, Gorka, Begona, Eva,
Mikel, Joseba eta Zigorrek diska berria kaleratu dute. Rudek diska berria
kaleratu du eta baita Arik eta Afrikak ere. Eta Galder, Joseba, Jitu,
Asier...eta baita Ferminek ere.

Eta zuk? Ez al duzu ezer komunikatu nahi?
Guk bai. Euskal Herriak fruitu berria eman du, gazia eta gozoa da, txuria
eta beltza eta... dastatu beharrekoa.  Ausnarketarako garaia iritsi da,
beti. Elkarrizketarako unea iritsi da. Aurrez aurre, Kontrakalean.

E!: Nola sortzen da proiektu berria?

FM: Iaz gira hasi genuenean azkenekoa izango zela erabaki genuen. Egia esan,
guk uste baino gehiago iraun genuen. Zortzi musikari hiru urtez aritu gara
etengabe eta azkenean logistika zela eta zailtasun haundiak zeuden taldea
elkarturik mantentzeko. Bakoitzak bere proiektu eta asmo propioak zeuzkan
gainera eta nik baneukan beste norabide batean lan egiteko gogoa.
Horretarako jende berria behar nuen eta dagoeneko ikusita neuzkan oso
aproposak izan zitezken hainbat musikari.

E!: Eta zeintzuk izan dira diska berria osatzeko hurbildu zaizkizun lagunak?

FM: Gogoa neukan Selektah Kolektiboko Zigor DZ-rekin zerbait egiteko eta
baita Joseba Tapiarekin ere, baina banda modura antolatuta, reggae ikutua
duen banda rockeroa. Dr. Calypso ska taldearekin bateria jotzen zuen Eric
Herrera ezagutzen nuen eta berak tronboia jotzen du Amusic Skazz Band
taldean.

Bestetik, gogo asko neuzkan koroak lantzeko, aurreko disketan
Sorkun egon da, Afrika...beti izan dut norbait koroak egiteko baina
oraingoan askoz ere kutsu souleroagoa bilatzen nuen eta horretarako Begoña
Bang-Matu eta Eva Reinarekin kontaktuan jarri nintzen eta diskan parte
hartzeko proposamena egin nien. Etxean dudan tresneriarekin maketa grabatu
eta bakoitzari kopia bana pasa nien beraien aportazioak jaso ahal izateko.
Bartzelona eta Madrilera bidai asko egin ditut musikariekin elkartu eta
gauzak komentatzeko. Tapia askotan etorri zait etxera, gauzak entzun eta
esku soinua nola sartu ikusten genuen. Orohar lan mardula izan da urriatik
egin duguna.

E!: Ez da errexa izango horren musika estilo desberdinetatik datorren jendea
elkartu eta proiektu berdinean bateratzea?

FM: Ez, eta gainera kontutan izan behar da beraien artean ez dutela elkar
ezagutzen. Sensibilitate desberdinetako jendea elkartzea gustatu izan zait
beti eta kultura desberdinetatik etorritako jendearen artean gauzak sortu.
Gorka Benitez adibidez Bilbotarra da baina New York-era joan zan ikastera
eta orain artean jazz munduan murgildua egon da. Kolaborazioa proposatu
genionean berehala eman zuen baiezkoa. Jazz mundutik irten eta jazza beste
musikekin nahasteko gogo haundiak zituen.

E!: Eta hor datza zihurrenik gaur egungo musikak duen aberastasuna, musika
estiloak uztartu eta doinu "berriak" kaleratzean. Verve jazz zigiluak
adibidez bere katalogoa berpiztea lortu du musika elektronikoaren esparruan
ari den jendearen eskutik (Thievery Corporation...) eta bere garaian Blue
Note-ri berdin gertatu zitzaion US3 eta beste hip-hop taldeekin.

FM: Reggae-a da oinarria baina jazzaren eragina nabarmena da diskan zehar
eta baita rhytm & blues-arena.

E!: Hitzegiguzu gainontzeko musikarietaz.

FM: Aipatutakoez gain, Hechos Contra El Decoro taldeko Andres Belmontek
jotzen du baxua, talde berekoa den Alfonso Arias "Papuchi"-k gitarra eta
sitar-a, baterian Mikel Abrego, teklatuetan Mikel Azpiroz (aurreko disketan
ere parte hartu izan duena) eta tronpetan Raynald Colom gaztea.

Banda osatzen dutenez gain hiru kolaborazio izan ditut diskan. Ahotsetan
Afrika entzun daiteke, askotan kolaboratu izan duena nirekin; Rude italiarra
da Ghetto 84 taldean aritutakoa eta elektronikaren  munduan ere murgildua
egon dena eta azkenik Ari ,rap abeslariak, ere ahotsak sartu ditu.

E!: Aurreko lana korrika eta presaka egin zenuela, bi giren artean egindakoa
zela eta horrelako kritikak jaso zenituen. Berriarekin hori gertatuko dela
uste duzu, denbora gehiago izan duzu prestatzeko aurrekoaren presioarik
gabe?

FM: Egia da aurrekoa bi giren artean egin genuela baina horrek ez du esan
nahi denbora gutxi izan nuenik prestatzeko. Lehenengo gira abuztuan amaitu
eta hurrengo urteko maiatza arte egon ginen diska prestatzen. Oso landua
dago beraz. Gertatzen dena da aurreko diska pentsatuagoa zegoela zuzenekoari
begira baina ez dut inoiz diska bat korrika eta presaka egin.
Disko hau urte osoko lana izan da, iazko urrian hasi bainintzen prestatzen,
zerbait obsesiboa bilakatuz, bihotza hatzaparka egiten testuetarako eta
musika garatzen uneoro.

Diska honetako kantu batzuk gainera beste jende batek nahastea gustatuko
litzaidake, bere garaian Mad Professor, Javi Pez eta besteek egin bezala
orain diska berriko erremix batzuk egitea nahiko nuke; ez dakit, Smith &
Mighty-k adibidez kanturen bat bernahastea asko gustatuko litzaidake.
Askotan egiten ditugun kantuekin oso protekzionistak garela uste dut eta
ikuspegia ireki behar dugu, gure kantuen beste interpretazioak onartu.

 

E!: Eta diska berria zuzenean aurkezteko asmorik ba al duzu?

FM: Bai, seti egoera hau salatzeko Euskal Herrian 2 kontzertu egin nahiko
nituzke eta datorren urteko maiatzatik aurrera gira egitea nahiko nuke baina
ez dakit posible izango den. Eva Reina adibidez aurdun dago eta ikusi
beharko dugu ea nola konpontzen garen, otsailerako helduko baita umea. Ez
dakit nola antolatuko dugun. Hamabi musikariz osatutako banda gustatuko
litzaidake funk  banden antzera edo Lucianorena.

E!: "In-komunikazioa" jarri diozu izenburua diskari. Zer da komunikatu nahi
duzuna. Zer ikusirik dauka "In" hitza , barruko komunikazioarekin, etxe
barrukoarekin agian?

FM: Gauza asko daude hor. Dena elkarrekin jartzen baduzu inkomunikazioa da
baina gidoiarekin komunikazioa in-komunikazioan bihurtzen da. Mikel Laboak
Lekeitio 5. ean erabiltzen zuen. Kantuaren bukaeran Tapiak trikiarekin soloa
egiten zuen eta orain ere bai. Horrelako keinuak ere baditu diskak. Bertako
musikari edota kanpokoari. Sanplerrak direla, scratch-ak direla Xabier
Amuriza edota Mike Dread-enak e.a. Horrek ere badu bere xarma.

Inkomunikazioari buruzko ausnarketa egiten dut oinarrian, emisore eta
hartzailearen artekoa lehenik eta behin. Bikotea funtsezko elementu modura
eta hortik kalera, gizartera, Euskal herrira edota mundura zabaltzen da.
Interpretazio asko egin daitezke.

E!: Aurreko diskak kritika asko jaso zituen, onak batzuk eta ez ain onak
besteak baina argi dagoena FMak egiten duena harretaz aztertzen dela. Diska
berriko azalak zer esana emango du eta guk dagoeneko oportunista bat zarela
dioen jendea entzun dugu, azala trato txarren ingurukoa dela eta gaur egun
gaia komunikabideetan dagoenez horregaitik sartu duzula.

FM: Harrigarria da jendearen interpretazioak nolakoak izan daitezken, azala
landu dugonoi ez baizaigu ezta burutik ere pasa horrelako irakurketarik.
Argi dagoena da ezaguna zaren heinean alde eta kontrako jendea izango
duzula. Hogei urte daramatzat musika mundua eta oso argi daukat zein den
jarraitu behar dudan bidea, nire jokabidea beti independientea izan baita,
nik neuk markatutakoa, orduan edozein gauza egiten dudala beti egongo da
kritikatuko nauena, kontzertu baterako deitzen banaute eta erabakitzen badut
ez joatea edo ezin badut joan, kabroi bat naiz eta joaten ba naiz
protagonismoa bilatzen ari naizelako da. Detraktore edo gibeljaleentzat
edozein aukera hartuta gaizki egina izango da, beraz neuri buruari zera
esaten diot: zaunka ari dira, beraz, zamalkatzen gara.

Diska berriko portadak ez ditu diskaren salmentak igoko eta leku askotan ez dute
eskaparatean jarriko. Azken finean hau proposamen artistikoa da. Bakoitzak
artu dezala eta interpretatu dezala nahi duen modura. Irudiko lagunak bezala
kantuak biluztea gustatzen zait eta gauzak bere gordintasunean kantatzen
ditut.

Oso nortasun haundia behar duzu etengabeko presioa jasan ahal izateko. Ezin
duzu toaila bota. Bultzatzen nauen jende piloa dago zorionez.

E!: Eta estetikari dagokionez?. Aurreko disketan kolore biziak eta orain
txuri beltza nagusi.

FM: Hori da. Aurreko diskekin alderatuta kontzeptua edo ideia aldatu da.
Aurrekoetan kolore asko eta musika bizia zen. Orain berriz doinuak
garratzagoak dira eta kolorea ere txuri beltza erabili dugu.

E!:Diskaren promozio lanetan ari zara orain. Diska duela gutxi jarri da
salgai eta honelako sikosia dago hainbat disketxe eta musikarien artean
(famatuenen artean behintzat) diska sarean sartu eta pirateoarekin salmentak
gutxituko ote diren. Ez da eztabaida haundirik sortu eta komunikabideetan
gehien bat multinazional eta disketxe haundien ikuspuntua kaleratu da;
pirateoak musika hiltzen duela, talde berriak ezin izango direla
promozionatu...

FM: Hori gezur hutsa da. Talde berriak ateratzen dira eta jarraituko dira
ateratzen. Azken finean multinazional horiek dira grabatzeko sistemak asmatu
dituztenak eta grabatzeko CD-ak saltzen dituztenak. Multinazionalen
kontrakoa naiz, askotan eskeini didate sinatzea beraiekin eta ez dut inoiz
egin.

Gainera pirateoari aurre egiteko neurri erepresiboak, polizialak
erabiltzea beraien diskurtsoaren baitan dago. Zergatik ez dute BEZaz
jeisteko hitz egiten liburuen antzera (%16tik %7ra)? Horrela ia %10 
merketuko lirateke diskoak. Ez dute hitzegiten beraien promozio kanpainetan
gastatzen duten diruaz, ezta zenbait kate komertzialetan sartzeko egileen
eskubideekin nola jokatzen duten e.a. Gehiegizko diskoen prezioak hortan
baitatza. Eta bapatean orain egileekin kezkatzen dira, egileen eskubideen
defendatzaile omen dira. Multinazionalentzat ez dira musikariak existitzen,
merkantziak baizik, inbertsioak eta etekinak. Zihur naiz diska bat erosi
nahi duenak originala erosiko duela, diskan benetazko interesa duenak bai
behintzat. Besteek kopiatutakoak erosiko dituzte. 

 Pirateoak ez du musika
hiltzen, pirateoak bikoiztu egiten du musikaren zabalkuntza. Gaiak askorako
ematen du, konplexua da eta milaka aurpegi ditu. Musikari batzuek Guardia
zibilari pirateoaren kontra aritzeagatik urrezko diska ematen diotela
ikusten dudanean goragalea ematen dit, denak pikutara bidaltzeko gogoak
sartzen zaizkit.
 

E!: Disken grabazio sistemek jendeari musika gehiago edukitzeko aukera eman
diote baina hori gero ez da kalean atzematen. Hau da, edozein herriko
festetara joan eta musika berdina entzungo duzu guztietan (salbuespenak
salbuespen). Txoznetan adibidez, guztietan aurkituko dituzu grabatutako
diska bildumak eta gehienetan kantuak errepikatzen dira. Duela hogei urtetik
behin eta berriro entzundako kantuak dira.

FM: Txoznetako giroa asko jeitsi da azkenaldian. Lehen musika eskeintzen zan
baina eskeintza, eta ez bakarrik musikala ez baduzu berritzen jendea beste
tokietara joango da. Lortu behar dugu txoznak berriro ere eremu liberatuak
izatea; hau da, ezin dugu onartu telebistan edota irrati kate
komertzialetatik saldu nahi digutena txoznan entzutea. Gure kontra goaz
bestela. Autokritika egin behar dugu eta aztertu azken urteotan duela 20
urteko musika jartzea ekipo zatarretan zein mesede egiten dion txoznen
guneari, euskal musikari baita bide berriak jorratu nahi dituzten giza
mogimenduei ere.


Hala bedi, amen. Hau da, ados nagoela esan nahi nuen. Jainko-Deabruaren
benetako izaera zein den ez duzu pertsona ezagutu arte aurkitzen. Besteek
esandakoari harreta egitea baino hobe da komunikazio zuzena. Aurrez aurre.
fm@kontrakalea.com